Herri zerbitzuetan ere kalitate osoa bilatu nahiak fiskalizazio mota hau arrazoibidetzen du. Orain ez da nahikoa administrazioek herri diruak inbertitzen dituztenean legeak eta arauak betetzea bakarrik. Frogatu beharko dute aukera posible guztietatik onena hautatu dutela.
Fiskalizazio mota honi esker, kudeatzaile ezberdinen iharduerak konpara daitezke, akatsak ikusi eta etorkizunean zuzendu ahal izateko. Euren lana zuzen egiteko asmoz, politikariek eta kudeatzaileek herritarren beharrizanak asmatu behar dituzte. Ardura zaien gaietan sakondu eta euren lehentasunak zeintzuk diren jakin behar dute. era honetan soilik egokitu ahal izango dituzte euren zerbitzuak gizarte eskabideetara.
Hiru dira, ikuskapen mota berri honi buruz hitzegitean beti aipatzen diren hitzak: eraginkortasuna, gaitasuna eta ekonomia. Administrazio, kudeatzaile eta herritarren arteko lotura hiru printzipio hauetan oinarrituta egon beharko litzateke.
Lehenengoa, erakunde batek zenbait ekintza egiterakoan ezarri dituen helburuak eta azkenean lortzen dituenak konparatzetik sortzen da. Hitz gutxitan esateko, egin nahi denaren eta azkenean lortzen denaren arteko ezberdintasuna da. Administrazio bat are eraginkorragoa izango da, zenbat eta bere praktika eta helburuak hurbilago dauden.
Gaitasuna, erakunde batek eskaintzen dituen zerbitzuak eta horiek lortzeko erabili behar izan dituen baliabideei dagokie. Administrazio bat gaituagoa izango da, kalitatezko zerbitzu bat emateko baliabide gutxiago erabili behar duen neurrian. Azkenik, ekonomia, emaitzarik onenak ahalik eta kosturik gutxienekin lortzea da; hau da; ahalik eta baliabide gehienak aurreztuz.
Gai honetan errespetatuenak diren adituak bat datoz, ikuskapen operatibo on bat egiteko ezinbesteko bi gauza daudela adieraztean: teknikoki oso gaituak diren auditoreak eta ikuskatzen diren herri erakundeen laguntza eduki behar da. Akordio hau gabe ezin da fiskalizazio operatiborik egin.
Fiskalizazio operatiboak egiteak hainbat arazo suposatzen du Kanpo Kontrolerako Erakundeentzako. Lehenengo eta behin, fiskalizazio finantzario eta legezkotasunekoetan baino lan handiagoa egin behar da. Mota honetako fiskalizazioak egin ahal izateko, fiskalizazio sailak baliabide materialak eta langile bereziak eta arlo askotan lan egiteko gai direnak behar ditu.
Fiskalizazio-gai izan den aldia eta txostenak jendaurrean jartzen diren egunaren arteko desfase hori ere, fiskalizazio operatiboaren arrakastaren kontra doa. Askotan, emaitzak jakitera ematen direnean beranduegi da eta ez daukate interesik. Fiskalizazio mota hau bakarrik izango da eraginkorra, bere emaitzak denborari lotuta badaude.
Txosten hauek egitea zailtzen duen beste gauza bat, auditoreek administrazio publikoek garatzen dituzten zerbitzu eta iharduerei buruzko informazio ona –adierazle fidagarriekin- lortzeko daukaten zailtasuna da.
Dirubidezko eta legezko fiskalizazioek erreferente argia daukate. Arau eta legeetan oinarritzen direnez, auditoreek finkoa den zerbaitetan fija daitezke. Fiskalizazio operatiboak berriz, hasieran zenbatzeko zailagoa den printzipioan oinarritzen dira: kalitatean. Berau lortzeko, erreferentziazko parametroak bilatu behar dira emaitzen azterketa egin ahal izateko. Hartutako datuak gainera, txostenetan agertuko diren ondorio eta gomendioak arrazoibidetuko dituzte.
HKEEk askotan erakutsi du fiskalizazio txostenek eraginkortasun, gaitasun eta ekonomiaren azterketan sakontzeko duen interesa. Hala ere, aurrekontuak programen arabera egiteak eragiten dituen gutxiegitasunak, helburuak, ekintzak eta adierazleak adieraztean, askotan desio hau azken emaitzetan ongi ez islatzea dakar.
|